Kirolak Lehen Hezkuntzan

Kirolak Lehen Hezkuntzan

13/11/27

Zer da kirola?

Kirolak jolas edo lehiaketa helburu duten ekintzak dira, giza gorputzaren ahalegina edo gaitasuna eskatzen duten jarduerak. Kirola banaka nahiz taldeka egin daiteke. Kirolaren helburu nagusia gaitasun fisikoak iraunaraztea eta handitzea da, baita arintasuna, mugimendua edo indarra areagotzea ere. Kirolak, bestalde, gogoaren ezaugarri jakin batzuk indartzen ditu, ausardia, iraupena eta diziplina, adibidez. Bestalde, kirol ekintza antolatu guztien helburua markak haustea edo aurkakoari nagusitzea da. Horregatik, aldi jakinetan, lehiaketak edo txapelketak antolatzen dira mundu osoan. Bi kirolari mota nagusi bereizten dira. Batetik, zaletua, edo kirola gustuz egiten duena(amateur), eta bestetik, profesionala, dirua irabazteko helburuarekin aritzen dena. Baina batzuetan, zaila da bien arteko bereizketa garbia egitea.






http://www.gifmania.com/Gif-Animados-Walt-Disney/Imagenes-Personajes-Disney/Mickey-Mouse/Mickey-Mouse-Deporte/mickey-mouse3-33583.gif

13/11/14

Kirolari gazteek bizimodu osasungarria izateko gida

Niretzat interesgarria den pdf baten esteka: http://kirolgela.net/adjuntos/1270639452.pdf
Gida honek lagundu nahi dizue hainbatetan senideei, irakasleei eta kirol teknikarie entzun diezuen hori lor dezazuen: kirol jarduera, benetan, osasungarri eta onuragarria dela. Gainera gida honetan nik emango dudan baino informazio gehiago aurkitu dezakezue. Espero dut baliagarria izatea.

Kirolaren onurak gazteentzat

Pertsona helduentzat osasun iturri da kirola, pisuari eta sasoiari eusteko bitartekoa; haur eta nerabeentzat, berriz, sozializatzeko eta integratzeko bide bat ere izan daiteke. Modu osasungarrian eginez gero, kirolak aukera ematen du pertsonen arteko harremanak jolas testuinguruan lantzeko, eta lagungarria gertatzen da, halaber, autoestimua hobetu eta nork bere buruan segurtasun gehiago edukitzeko. Gurasoek eta profesionalek lan handia dute egiteko haur eta gazteekin, haiei ulertarazteko kirola egitea ez dela lehia sustatzeko sistema batean sartzea, ezpada taldean jolas egiteko biltzea.

  •  Harremanak egiteko zailtasunak dituzten haurrak: Ikaskideekin harremanak sortu eta lantzeko dohain handirik ez duten haurrentzat, kirola irtenbide ona izan liteke, aukera emango bailieke era askotako pertsonekin harremanak edukitzeko, testuinguru informal eta atsegin batean. Taldean kirola eginez, elkarren artean harremanak sortzen dituzte haurrek, eta elkarrekin aritzera bultzatzen ditu, helburu jakin baten aldeko elkarlanean. 
  •  Autoestimu arazoak dituzten haurrak: Kirola oso onuragarria izan daiteke konfiantza arazoak dituzten haurrentzat eta eskolan zailtasunak dituztenentzat. Kirolak aukera ematen die beste dohain batzuk erakusteko -eskolako testuingurutik kanpo-, eta ikusarazteko beste kideen maila berean moldatzen ahal direla. Gaitasun fisikoak lantzean haurrak konfiantza hartzen du.
  • Banakako kirolen helburua ez da izaten elkarlana lantzea, baina badituzte zenbait abantaila, eta horiek ere hartu behar dira aintzat:
    • Pertsonarik lotsatienak erosoago egon ohi dira jende asko-askok parte hartzen ez duen kirol jardueretan..
    • Banakako kirolek aukera gehiago ematen dute autonomia eta sormena sustatzeko, eta horrek konfiantza gehiago ematen dio norberari.
    • Gazterik oldarkorrenei eta arauei buru egiten dietenei, alegia, talde baten testuinguruan baztertuta geratuko liratekeen horiei, mesede egiten die soilik euren buruen menpe egoteak, nahiz eta entrenatzailea gain-gainean eduki.
    • Haurrak banakako kirol bat aukeratzen badu, garrantzitsua da zati bat, behintzat, taldean egin ahal izatea; taldeko jolasen bidez, zertxobait sozializatzeko aukera izango du.
    • Kirola banaka egiten denean, hutsegiteak eta porrotak onartzen ikasteko, gurasoen laguntza behar izaten du haurrak; taldearen babesik ez du edukiko egoera horiei aurre egiteko, eta zama astuna izan liteke harentzat.   
  • Kirola eta heziketa-balioak Haur eta gazteen garapenean oso erabilgarri izan daitezkeen heziketa-balioak sustatzen ditu kirolak. Talde bateko kide sentituz, eskuzabaltasuna eta laguntasuna lantzen dira, eta, horrez gain, pozak eta penak lagunekin eramateko aukera ere ematen du. Horrexegatik da ona haur eta neraberik mutirienentzat eta arauei jarraitzeko zailtasun gehien dituztenentzat; tolerantzia sustatzen du horiengan, eta erakusten die ez frustraziorik sentitzen lider baten aginduei men egin behar izateagatik (entrenatzailea da lider hori), eta erakusten die, halaber, ez jokatzen euren nahiak soilik aintzat hartuta.
  •  Kirola ez da 'galdu edo irabazi' Helduek ziurtatu behar dute, gurasoek bezala entrenatzaileek, kirola haur eta nerabeen mesedetan dela. Emaitzak berebiziko garrantzia izaten du kiroletan, eta frustrazio handiak sor ditzakete haurrengan. Hori ez da, ordea, kontrolatu beharreko alderdi bakarra. Hautatzen den kirolak, ororen gainetik, ez du diskriminaziorik sustatu behar. Zenbaitetan, izan ere, taldeko kide batzuk soilik nabarmentzen dira, eta besteak -hain trebe ez omen direnak- bigarren mailan uzten dituzte. Horrek ez dio onurarik egingo autoestimu apala daukanari.

    Informazioaren iturria: http://revista.consumer.es/web/eu/20090601/interiormente/74872.php